Lizarrako euskaltegiko bi ikasle Legebiltzarrean. Nafarroako Gobernuaren inbertsio publikoa euskaran. Datuak

kaixo

Martxoaren 20an, asteazkenean, Lizarrako euskaltegiko bi ikasle izan genituen Nafarroako Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Bertan, Nafarroako Helios del Santo AEK-ko artezkaritza kidearekin eta Asier Biurrun Korrika arduradunarekin batera Korrika 18ren gorabeherak azaldu zituzten. Horrekin batera herri ekimeneko euskaltegien egoera ekonomikoa kezkagarria helarazi zieten batzordekideei eta, bide batez, martxoaren 3an Legebiltzarrak Korrika 18ri eskainitako babes instituzionala gauzatzeko eskaera luzatu.

Bi arduradunen azalpenekin batera, Lizarrako Edurnek eta Ziraukiko Arantzak, biak Beinat Etxepare AEK euskaltegian ikasle direnak aurten, haien esperientziak kontatu zizkieten legebiltzarkideei. Edurneren bideoa ikusteko klikatu hemen eta Arantzarena ikusteko hemen. Batzorde osoa ikusteko (atalka ere ikus liteke) hemen klikatu.

Nafarroako legebiltzarreanEdurnek adibidez, kontatzen digu nola bere garaian ezin izan zuen eskola publikoan euskara ikasi eta horrela A ereduan matrikulatu behar izan zuen. Orain gutxi baina Lizarrako euskaltegian berrekin dio euskara ikasteari “euskara gure hizkuntza da eta ez dut ulertzen hemen bizitzea euskara jakin gabe“, “euskara ikasteko prozesua zaila eta gogorra da baina bestaldetik oso polita“, “pixkanaka pixkanaka ikusten ditut pausoak ematen ari naizela, eta oso arro sentitzen naiz eta ilusioa egiten dit hitz egin, irratia entzun edo bertso-saiora joan eta ulertu, nire helburua euskaraz bizitzea da“. Arantzak ere ez zuen txikitan euskaraz ikasteko aukera izan Ziraukin ez delako eskaintzen D eredua. “Gero eta gogo gehiago daukat, euskarak gauza on asko eman dizkit: bertso saioa entzun, euskal musika ulertzea, lagun euskaldunak egitea… euskal kulturara hurbildu naiz eta gozatzen ari naiz“. Astean 8 ordu ematen ditu euskaltegian eta mintzapraktika ere egiten du. Hiru urte hauetan 1.500 euro baino gehiago inbertitu ditu bere poltsikotik euskara ikasteko. Hiru urte hauetan ez du inolako diru laguntzarik jaso.

Nafarroako Gobernuak herri ekimeneko euskaltegientzako diru laguntzak ditugu ondoko lerrootako grafikoan. KPI-a kontutan hartu gabe ere, beherakada nabaria izan da 2001etik 2012ra, hain zuzen ere %67a jaitsi da, 650.000 euroren bueltatik 210.000 euro inguru izatera pasatu da. Adibide moduan aipatu 2011n 462.506€ ordaindu zutela euskaltegietako ikasleek eta ez zutela inolako bekarik jaso Nafarroako Gobernuaren eskutik.

Nafarroako AEK-k adibidez, 55 auzo eta herritan ematen du klase: 70 irakasle, 121 talde eta 1300 ikasle. Horrek kontuetan 600.000€ko zuloa sortzen dio. Gainera, 55 auzo edo herri horietatik 48tan euskara ikasteko aukera bakarra ditugu AEK euskaltegiak. Talde bakar baten diru irteerak (materiala, argia, gizarte segurantza, soldata, prestakuntza didaktikoa ea. ) 7.500€ inguru dira urtean. Horri Nafarroako Gobernuak ematen dizkion 630 euroko laguntzarekin eta ikasleek ordaintzen duten matrikularekin ere, defizit handia sortzen zaio euskaltegiari. Hortaz, AEK-k “herritarrei zuzendutako zerbitzua” eskaintzen du. Konparazio aldera, Zubiarte euskaltegi publikoan, klase batentzako inbertsioa 8 aldiz handiagoa da: 60.000€ inguru.

Heliosek helduen euskalduntzea arlo estrategikoa izatea eskatu du eta horretarako ondokoa eskatzen diete alderdi politikoei: plangintza bat egitea, inbertsioak handitzea, finantziazio sistema egonkor bat izatea herritarrek berezko dugun hizkuntza ikastea doan izateko helburuarekin, eta azkenik, euskara bera prestigiatu eta sustatzea. Horretarako elkarlanerako prest eta zain daudela adierazi du.

Nafarroako Gobernuak herri ekimeneko euskaltegientzako diru laguntzak

Baina, argi dago ez direla ari soilik euskaltegietan egoera hau sufritzen. Hurrengo grafikoan dugu Nafarroako Toki Entitateek, Udalak eta Mankomunitateak nagusiki, inbertitzen duten dirua haien Euskara Zerbitzuetan. Horien finantziazioa mistoa izan da orain arte eta Toki entitateek beraiek zati bat jartzen zuten eta Nafarroako Gobernuak beste zati bat.

Asmoa inbertsioak erdibana egitea bazen ere ikus litekeen moduan Toki Entitateek gero eta konpromiso handiagoa hartu badute ere Nafarroako Gobernuaren ekarpena hutsaren hurrengoa bilakatzen aritu da. Horrela, Toki Administrazioek hartu dute bere gain pisu ekonomikorik handiena. 1999an Nafarroako Gobernuak %43,41 bere gain hartzen bazuen 2010ean %6,12 izatea aurreikusi zen, honako hau eurotara ekarrita: 2001etik 2012ra %85 gutxitu da Nafarroako Gobernuaren diru laguntza (729.000 €tik 109.000 €ra). Gainera, Nafarroako Gobernuaren ekarpena txikitzeaz gain, dirua banatzeko era erabat aldatu du Gobernuak eta Zerbitzuen arteko elkarlana sustatu beharrean haien arteko lehia bultzatzen du horrela.

Nafarroako Euskara Zerbitzuak

Azkenik, krisiaren aitzakian diru-laguntzak murrizten ari badira ere, ondoko grafikoan ikus dezakegu murrizketak krisia baino askosaz lehenago iritsi zirela euskarara. Horrela, horren erakusgarri Nafarroako aurrekontu orokorren bilakaera (4.003 milioi €-tik 3.704ra) eta honen azpi-saila den Nafarroako Euskararen Institutuaren, Euskarabidearen, aurrekontuaren bilakaera erkatzea (4,0 milioi €tik 2,3ra). Horretarako, azpiko grafiko honetan 2008ko aurrekontuekiko alderaketa egiten da, hau da, 2008ko aurrekontuekiko zenbateko jaitsiera izan duten. 2008tik 2012ra Euskarabidearen aurrekontua %42,5 gutxitu bada, epealdi berean Nafarroako aurrekontuak %7,5 gutxitu da. Aldea nabaria beraz.

Gogoratu Euskarabidea dela Nafarroako Gobernuan euskararen inbertsioetan ardura nagusia duen azpi-saila, berak banatzen ditu adibidez euskaltegietara eta euskal hedabideetara diru-laguntzak. Hortaz, Euskarabidearen aurrekontuaren jaitsiera besteei zuzenean eragiten die. Horrekin batera, aurrekontua gutxitzen doan heinean, Euskarabideak bere egituratik kanpo laguntzen dituen programen pisua gutxitu da. Horrela, 2011n adibidez, kudeatzen zuen diru osoaren bi herenak Euskarabideak berak xahutzen bazituen (%66,63), 2012an ia hiru laurdena %72,44 xahutzen du.

Euskarabidea eta Nafarroako aurrekontuak

Nafarroan dirua “soberan” izan den hamarkada honetan, aurrekontu anitz puztu diren urte hauetan, euskararena izan da ia etengabeko murrizketa sufritu duena. Delako krisiak egoera hori areagotu bertzerik ez du egin.

Azkenik, aipatu euskal hedabideen egoera ere, Nafarroako Gobernuaren politika suntsitzaile horrek ondorio larriak izan ditu. Batetik proiektu komunikatibo horien estutze ekonomikoa eta mugatzea, eta bertzetik hainbat proiekturen desagertzea, oraingoz: Bortziriko Ttipi-Ttapa telebista (2009), Nabarra aldizkaria (2011) eta Basaburua eta inguruko Esan Erran irratia (2012).

lizarbeibar -ri buruz

Lizarraldeko edota Itzarbeibarreko euskarazko jardueraren bat iragarri nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan. lizarbeibar@gmail.com
Post hau Euskaltegiak, Euskaraz bizi nahi dut atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s