Korrika 18 Baionan, Lizarraldeko eta Izarbeibarko espedizioak. Irudiak.

Korrika 18 azken kilometroan sartzen

Eguraldiak zor handia hartua zuen Korrika 18rekin eta azkenean iritsia zen kitatzeko momentua. Eta ederki kitatu ere, aspaldi ez genuela horrelako eguraldirik gurean. Euskal senak agintzen digun badaezpadakoen poltsa horretan eguzki krema sartu zuenari bejondeiola, besteok mendi-botak, xira, aldatzeko arropa, aterkiak … eraman genituen.

Eguraldi onaren ondorio eta batu zen jendetza dela eta guneren batean garagardoa bukatu egin zen; dena den, azkar batean ekarri zituzten kupel berriak eta jendeak egarria asetu ahal izan zuen. Bitxiagoa izan zen baina txartelak bukatu izana, Diru trukea egiteko txartelak akitu baitziren! Jendetzaren beste seinalea talo txosnan eskatu ahal izateko itxarotako denbora, ordu bete pasatxo. Eta bai, itxaron genuen. Pasadizoz edo anekdotaz betea izan genuen eguna. Adibidez Garesko familia batek (euskaltegiko ikasle eta mintzakide aldi berean) “Korrika asteburua” egin zuen, lasterketa erraldoiari autokarabanan jarraituz; beste abenturazale batzuk nola hala ibilbide korapilatsua eginez Bizkaitik Baionara iritsi ziren ere; Lizarrako euskaltegiko ikasle-talde batek Kanadako uharteetako euskal jatorriko Pello ezagutzeko aukera izan zuten, ardoa konpartitu eta haren euskaraz gozatu; edo lehen aipatu talo-ilara luze horretan ilara saltatzen saiatu ziren “despistatu” batzuk.

Azken finean Korrika bukaera bat, aurrekoak bezalatsu, sentitu behar den egun bat. Egun horretako Lizarraldeko eta Izarbeibarko lagunen argazki batzuk eta bi bideo labur ikusteko jarraitu irakurtzen.

Izarbeibarko espedizioaren argazki galeria ikusteko jo Garesko Auzalan webgunera hemen klikatuz. Lizarraldekoen argazki galeria ikusteko berriz, hemen klikatu.
Haurtxoa aitaren gainean Korrika 18ren Zumba dantzatzen

Zumba dantzatzen

EITBn bideo labur batean azken kilometrora sartzen grabatu dute Korrika. Eta, kasualitatez Lizarraldeko hainbat lagun agertzen dira bertan… ea ezagutzen dituzuen. Bide batez, ikusi bideoan nola kolatzen diren Korrikara haietako batzuk azken metroak egiteko!!! gainera, Lizarrako AEK-ko goi kargu batzuk dira 😉

Azken 10 egunotan Lekukoa eramateko aukera izan duzuenontzako edo Korrika egin dugunontzako, oso momentu berezia da Lekukoaren barruan eskuz esku pasatu den mezuaren irakurketa. Horrela aurtengo mezua Amets Arzallus bertsolari entzutetsuak idatzi zuen eta Ama Hizkuntza zuen izenburu. Hona hemen mezu eder hori:

Ama hizkuntza
Ama hizkuntza esaten dugu hizkuntzak erditzen gaituelako.

Erditzen esaten dugu amak gu egiten gaituenean guk ere bera egiten dugulako ama, elkar egitea da erditzea. Antzeko zerbait gertatzen da hizkuntzarekin ere. Hizkuntzak egiten gaitu gu eta guk egiten dugu hizkuntza. Elkarren lekuko gara. Elkarri emanez bizi gara. Hizkuntzak guri eta guk hizkuntzari, arnasa eta izatea.

Ikasten ari denak ematen dio irakasten ari denari zentzua. Irakasten ari denak ematen dio hiztun zaharrari norabide berri bat. Hiztun zaharrak eman behar dio ikasten ari denari eskua. Denok eman behar diogu elkarri euskara.

Euskara da ene ama hizkuntza. Baina ama hizkuntza zer da? Ama hizkuntza ez da lehenik ikasten den hura, ez da amaren magalean jaso genuen hura, ama hizkuntza da, enetzat, pentsatzeko baliatzen dugun hizkuntza. Gure arrazoiak eta irudiak nola fabrikatzen ditugun han dago gure ama hizkuntza. Eta posible da, bizitzan zehar, euskara ama hizkuntza bilakatzea, euskaraz pentsatzen ikastea. Bide horretan zatoztenoi miresmen eta goraintzi, eta norbaitek esaten baldin badizue zuek euskaldun berriak zaretela, edo euskara ez dela zuen ama hizkuntza, esaiozue zaharra izatea ez zaiola inori gustatzen, eta bide batez, esaiozue, ama hizkuntza ez dela lehenik ikasten den hura, pentsamendua sortzen duen bakoitzaren hizkuntza baizik.

Herri hau ere euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen. Hautatzen diogun ama hizkuntzaren arabera dago gure herriaren geroa. Erdaraz mintzaraziko gaituztela? Badakigu hori. Herri honek pentsatu beharko du zerbait erdarari buruz, baina herri hau ezin da pentsatu erdaraz, herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen.

Herri bat erditu nahi badugu, inork erditzekotan, ama hizkuntzak erdituko gaitu.

Korrika 18 azken kilometrora sartzen

Advertisements

lizarbeibar -ri buruz

Lizarraldeko edota Itzarbeibarreko euskarazko jardueraren bat iragarri nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan. lizarbeibar@gmail.com
Post hau Argazkiak, Bideoak, Euskaltegiak, Euskaraz bizi nahi dut, Multimedia atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s