Paula Kasares Lizarran (2/3), elkarrizketa

elkarrizketa

1969an Iruñean sortua. Euskal Filologia, Gizarte eta Kultura Antropologia eta Hizkuntza Plangintza ikasketak eginak ditu. Lanbidez euskara irakasle eta teknikari aritu da. 1998tik 2000ra Udako Euskal Unibertsitateko Soziolinguistika Sailaren arduraduna izan zen eta 2001etik 2003ra Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria. 2003tik orain artio Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle elkartua da eta HIZNET Hizkuntza Plangintzako graduondoko ikastaroan ere eskolak ematen ditu. Hondar urteetan euskararen transmisioaren gainean ikertzen du eta horren gaineko doktore tesia bukatu berri du.

Orain hiru hilabete dira gure artean izan genuela Paula, orduan elkarrizketa zeharo interesgarria egiteko aukera izan genuen. Hedabide batean argitaratu-ez argitaratu ibili eta gero, azkenean elkarrizketa blogean argitaratzea erabaki dut. Probestuz Eibarko III. transmisio mintegian bere azken ikerlan mamitsua aurkeztu duela (Iruñea eta Iruritako familien belaunaldiz belaunaldiko transmisioa, 600 orrialde inguru), berarekin solastuz urtarrilean egin genuen elkarrizketa zeharo interesgarria doakizue hemen:

Ongi etorri Lizarrara Paula.

Ematen du hemen euskalduntzeak etengabe aurrera egin duela baina erabilerak, bada, sentsazioa da ezetz, ez duela aurrera egin; erabilera ez dela handitu. Hori egia al da?

Datuek hori diote, bai, ez da Nafarroako kontua bakarrik, ezta ere eremu soziolinguistiko guztietakoa. Euskararen ezagutza apal xamarra den tokietan baina, nahiz eta ezagutzak goitti egin, erabilera ez da igotzen maila berean, aunitzetan ere ez da igotzen. Nafarroan adibidez hori gertatzen da, Nafarroa osoa hartuta ditugun dauetan erabilera duela 15/20 urte zegoen tokian dago. Erabilera beraz ez da mugitu, ezagutza aldiz bai, goratu da.
Sektore batzuetan ezagutza asko handitu da, ehunekoan behintzat, haurrena eta gazteena batipat, erabilera ez da handitu edo gutxienez, apal egin du. Zergatik?

Bada, azkenean ezagutza hizkuntza bat erabiltzeko ezinbertzeko kontua da, baino ez da aski, behar dira baldintzak hizkuntza hori erabili ahal izateko. Behar dira hastekotz beste solaskide batzuk, behar da nolabait erabilera arau edo erabilera ahalbidetzen duten inguruabar batzuk, baldintza batzuk; eta hori Nafarroan, hainbat tokitan, oso zaila da bermatzea.

Bertze alde batetik ezagutza egia da haunditu egin dela baina hizkuntzaren ezagutza ez da balio absolutuko kontua, hau da, ezagutza continuum bat da. Euskaldunak badira baino aunitzetan Iruñerrian, Lizarra edo Estellerria bezalako tokietan gutti dira, euskarak ez du gizarte erabilera haundia eta hiztun horiek duten ezagutza erlatiboa ere ez da gaztelaniarekin dutenaren parekoa. Hau da, jakin badakite baina ez dira hain eroso sentitzen euskaraz, ohitura dute dituzten harreman sareetan erdaraz egiteko … eta alderdi horiek guztiek eragiten diote erabilerari. Hau da, erabilera ez da ezagutzatik xuxenean sortzen den ondorio bat.

Egin izan diren azkeneko ikerketek, gazteen euskararen erabileraren inguruan adibidez, erabilera hiru mailatako faktorerekin lotu dute. Alde batetik, norbanako mailako eragingarriak daude, adibidez oraintxen aipatu dautsudana. Ezagutzaren hizkuntz gaitasun continuum horretan, nola dago hiztuna? nola dago hizkuntza bere baitan? eroso sentitzen den, gai ote den ea. Gero, hiztun horrek duen hizkuntza ibilbidea, hau da hizkuntzak zer leku izan du bere bizitzan, zerekin lotzen du? familiakin edo…

Alde batetik alderdi horiek denak daude, gero bertze maila batean daude gizarte harremanetarako, gizarte gertuko, hau da harreman sareetako kontuak: hurbil ote dituen euskaldunak, bai lagun taldean, familian, auzoan … bertzela erranda, soziolinguistikoki nun bizi den.

Eta, hirugarren maila batean, alderdi makro soziolinguistikoak. Hau da, hizkuntzak zer leku duen gizartean, estatusa, hizkuntzaren inguruko diskurtso edo, nolabait, pertzepzioak, adibidez teknologia berrietan hizkuntzan zer aukera dauden.

Hortaz, maila makro, mikro eta hiztunari lotutako horiek denen ondorioa da azken batean erabilera. Ordun, oker gabiltza uste baldin badugu ezagutza hutsetik sortuko dela xuxenean erabilera. Aunitz maila gehiagotan eragin behar da.

Bai, orain adibidez Arrue ikerketan agertutakoa, bi adinen arteko erkaketa horretan gauzak erabat aldatzen dira, ezta? Esan duzun makro, mikro eta norbanako horretan eragin berriak agertzen dira eta adinean aurrera egin ahala makroaren eta harreman sarearen eragina handitzen dira. Gutxi gora behera hori izango zen.

Zailtasun horiek guztiak direla eta, erdaldunduetako eskualdeetan gazte euskaldunei, euskararen erabilerak sortzen dien sentsazioa aztertua duzu. Aipatzen dituzu ere gazte ezinduak.

Batzutan nere ikasle ziren gazte horien testigantzak jasotzen nituen eta aunitz lekukotasunetan hori arrapatzen nuen, haien hitzei haiek xuxenean formulatzen zuten gauzei hori usaitzen nien, bada ezin bat. Batzutan errudun sentitzen ziren, hain xuxen ere hiztunak inguruan duen hizkuntzaren nahien aldekoa ez den inguru horren aintzinean nola sentitzen den. Badakite “erabili behar dugula, baina batzutan, eskapatzen zaigu…” eta holakoak.

Erabili nahi bai, baino tresna komunikatiboak faltan, izan lagunartean goxo aritzeko haien gauzen gainean edo ironiaz, elkarri adarra jotzen … Agian administrazioko leihatila batera joan eta paper bat eskatzeko xarmanki moldatzen zara hizkuntza batean baino gero, denoi pasatu zaigu, ustezu aunitz dakigula eta gai gara Frantziako Iraultza montatzeko edo matematika teorema bat montatzeko ingelesez, ondotik baina pub batean txiste bat kontatzen dute eta ez dugu entenditzen. Maila horretako bizipenak batez ere.

Gazteen bizipenak jaso nituen eta euskaldun ezindua bezala deskribatu, hola patu nuen; badakit igual batzuetan, zera, badirudi maingu gabiltzela, baina modu metaforiko batean ulertu behar da. Euskaldun ezindua jarri nuen sumatu nuelakotz hiztun gisa frustrazioa bat, samin modu bat hor aitzinean.

Ordun, holako egoeran bizi den norbaitek, gazte bat edo, hiru aukera izanen lituzke: batetik jarraitu frustrazio horretan, bestetik ahaztu frustrazio hori eta utzi albo batera euskara erabilpen funtzionalaren aldetik eta momenturen batean agian sentipen bezala ere, eta, azkenik nolabait euskararekin aurrera egin …

Eta hizkuntzaz goxatu, hori ez zitzaien ateratzen inondik ere, hizkuntzari lotutako gozamenik ez, eta hori iruditzen zitzaiten alarma pizteko modukoa.
Ados, orduan hiru egoera horiek eman ahal zaizkio gazteari, ezta? aurrera segi, berdin jarraitu nahiz eta egoera hori ezin den luzaroan mantendu eta, azkenik, euskara albo batera utzi eta gozatu beste modu batean bizitzaz. Orduan, klaro, interesatzen zaiguna aurrenekoa da, gozatu euskaraz, zer egin ahal dugu gure ingurune honetan? Makroan eragin gutxi egin ahal dugu, baina norbanakoan eta ingurunean, zer dugu?

Hori da, bai. Garbi da hemen bezala berez toki guztietan haurrei begira hezkuntza izan dela gure historia hurbilean euskararen indarberritzeko prozesuan giltzarria. Noiz hasi ziren bada? 70. hamarkadan baino pixkat lehenxeago zenbait guraso xorok euskarazko irakaskuntzaren alde borrokatzeari ekin zioten eta horri esker gero gorpuztu den hezkuntza sistema publikoa. Nafarroan sistema publikoan ditugun gabeziak guztiak izanda ere, hori da gaur egun dugun, nolabait, euskaldunen mintegia. Hortik sortuko zaizkigu ermuinduko direnak eta hori zaindu behar da. Ze, hori ere ez da mehatxutik kanpo, badakigu Nafarroako sistema publikoan apostuak direla bertze hizkuntza batzuk, eta ez euskara. Hor lan egin behar da, alde batetik gaur eginen dugun saioekin, familiekin e.a., hori oso inportantea da.

Garbi izan behar dugu baina, hizkuntz komunitate gisa eskolaren lana osatu behar dela, eta eskolaren lana osatu behar dela bi mailetan. Alde batetik indargarri afektiboen bidez, eta hau Fishmanek aspaldi erran zuen, eta bertze alde batetik indargarri instrumental praktikoen bidez.

Lehenbizikoak bai daudela gure eskutan neurri batean, familiari dagozkio, gertuko komunitateari … eta gaur propio, atsaldeko hitzaldian horren inguruan solastu behar dugu: familia erdaldunek ere zenbat gauza egin dezaketen nahi baldin badute beren umiak txikitatik elebidunak izatea. Indargarri afektibo hoiek batez ere familiari dagozkio, eta oso inportanteak dira. Edozein ingurutan da hala, baino gurean batez ere, erran nahi dut gurean, leku erdaldunduetan, oso inportantea baita familiek garbi izatea haurra D ereduan eskolatzeaz gain aunitz gauza daudela haien eskuetan.

Eskolatzea da egia erran oso erabaki inportantea; baina eskolatzea baino lehenago badira hautu inportanteak, eta eskolatzeaz kanpo zein eskolatzearen ondoren ere neska-mutiko horiek elikatu behar ditugu linguistikoki. Eta hor dago eremua, eskolaz kanpoko jarduerak, euskara modu gozagarrian landu, bizipen ernagarri gisa ttikien bizitzan sartu eta, hizkuntza transmititu ezin duten gurasoek ere, bederen jarrera eta balio positiboak transmititzea. Hau da, alderdi hori oso inportatea da, eta horrela osatu behar da eskolak egiten duen lana.

Gero, hain gure eskutan ez dagoena da nola osatu, nola indartu eskolaren lana. Batez ere, eskolaldia eta ondoan gizarteak emateko sari sozial batzuk euskaldunei. Hau da, gizartean euskarak nolabait bere prestigioa izatea, euskara jakiteak bere saria izatea. Hori gabe, holako sari pragmatikorik gabe, bueno, dana geldituko litzateke azken batean norbanakoen nahikari gogo nahi horietan. Hauek dira bi alderdiak, horiek jada aipatzen dittu erran bezala Fishmanek eta beste soziolinguista batzuek.

Sari horiek …

Adibidez, Nafarroako gobernuak 1999tik egin duen hizkuntza politikan, atzera jotze horretan, hori izan zen hain xuxen ere helburua. Hain xuxen ere gizarteak ematen dituen sariak edo euskararen balio instrumental pragmatiko hoiek hartu zituen bere jomugan hori deuseztatzeko. Eta zer egin zuen? Adibidez, euskara baloratua ez izatea oposaketetan, euskara jakiteagatik inork ezein abantaila ezin izatea, are gehiago ia zigortu egiten da…

Hori da kontua, hain da inportantea nun Nafarroako Gobernuak ere bere hizkuntz politika gordindu zuelarik egin zuen lehendabiziko gauza izan zen balio instrumental-pragmatiko horiek hustu. Hau da, ezein familiak ez dezala matrikula bere haurra D ereduan pentsatuz euskara jakiteagatik etorkizun hobea izango duenik. Oso inportantea da hori…

Gazteei baino, horrek gurasoen motibazioari edo gero jada eskolatu ondoko gazteei eraginen die, ezta?

Horrek azken batean biltzen du gizartean balio, prestigio maila bat… eta badu zerikustekorik gazteekin beraz. Egia da, gazteei xuxenena eragiten diena izaten dela bere bizipen gozarriak eta gero, erreferente onak. Ordun, nik ere hiru gauza aipatuko nituzke.

Batetik, gazteek behar dituzte noski hizkuntza erabiltzeko espazio eta bizipen positiboak hizkuntzari lotutak, izan kontzertuak, izan kuadrillan, edozein gauza… gero balioak, eta hori ere jorratu behar da, familiak, eskolak, komunitateak… balioztatu behar du hizkuntzaren erabilera, nolabait animatu behar da. Diskurtsoa nolabait ere inportantea da. Eta azkenik erreferenteak, lehenago komentatu duguna, eta erreferenteei lotuta daude sari sozial horiek. Hau da, ikustea kontxo! euskalduna izatea bada zerbait!, ez egotea inbisibilizatuta; eta berdin zait pelotariak, futbolariak, kantariak, abeslariak, txirrindulariak… erreferenteak izan daitezke hainbertze, gizartean arrakasta edozein gauzetan lortu duen pertsona izan daiteke erreferente bat.

Hori izan da gure elkarrizketa horietako saiakera, ez? bide polita izan duen jende baten kontakizuna, helaraztea gurasoei bereziki eta haien bitartez denengana iristea, hori izan da helburua.

Gaia aldatuz, euskal periferia ideia hartuz, euskal munduaren lehentasuna ematen du izanen direla gune euskaldunak, UEMA adibidez, eta gero biztanleria handia duten lekuak: Iruñerria, Donostialdea, BAM, Gasteiz eta Bilbo handia. Hortik kanpo baina Euskal Herriaren zati bat geratzen da, periferia edo …

Nafarroa osoa da periferia bat…
Bai baina Iruñerriak behintzat, jende kopuruarengatik, ez hainbeste euskara ezagutzagatik, lehentasuna izanen da besteren aldean ezta?

Euskal Herri mailan nik uste Iruñerria badela periferia. Nafarroarekiko periferia beste gauza bat da, periferiak beti dira erlatiboak. Nondik hartzen gunea, gune horrekiko aldatzen dira periferiak.
Orduan, oraindikan okerrago, periferiaren periferia gara, ze lekutan geratzen gara gu!

Metaperiferian! (kar, kar, kar). Oso interesgarria da gaia, lantxo bat egin nuen Valentzia eta Nafarroa erkatuz, oso gauza iruditsuak dituztelakotz. Biak dira alde horretatik periferia, gune baten periferia, haiek Kataluniako Principatekoekin diren bezalaxe Nafarroan hala da euskal gune politikoarekiko.

Eta bai, egia erran, ikusten nuen 1.996an Aznarrek hasi zuen lehendakaritzan zentralismoari ekin ziola eta oraindik ere horretan segitzen du PP-k. Bada, hain xuxen ere nun eragin zuen gehiago politika horrek? periferietan. Ezin, ezin eragin guneetan baino periferietan pilo bat nabaritu zen. Horrela, guk hemen Nafarroan nabaritu genuen UPNren politiketan, eta euskara kontuetan; Valentzian ere sumatu zuten.

Hau da, periferia izaten da, kasu hontan, espainiartasunaren atzaparraren gertuago dagoen gune bat ebitatzen duena bertze gunea indartzea. Eta hori erabat lotuta dago euskararekin, Nafarroa ezin da ulertu euskararen inguruan dagoen giroa ulertu gabe zer mamu dituzten Nafarroako aginte politikoan egon diren horiek. Hori dana euskara kontuetan islatu da.

Iñaki Martinez de Lunak galdetzen zion bere buruari eta Lizarrako lagun batek ere halatxu egin, non daude berriki euskaldundutako guraso horiek? ez da hainbeste nabari ez baitirudi (Arrue azterlanean kasu) seme-alabei lehen hizkuntzatzat euskara eman diotenik.

Leku erdaldunduetan egia erran gurasoek oso garbi izan behar dute. Bi gurasoak euskaldunak izanda oso garbi izan behar dute familia euskalduna osatu nahi dutela. Hori behar dute solasgai bihurtu bikotekideen artean, behar dute adostu, hau da, erabaki bat da ezin dena utzi inertziaren baitan bertzenaz inertzia erdaraz heldu da eta beti jaten zaitu.

Hori hastekotz, gero arazoak daude bitariko bikoteetan, hau da, batek daki baina bertzeak ez, leku erdaldunduetan oso zaila da. Gauza bera, euskaldun den guraso horrek oso kontzientziatuta egon behar du eta gainera bertze gurasoaren laguntza behar du, sistematikoki mantentzeko hizkuntza haurrarekin. Eta hori oso zaila gertatzen da, zeatik? familia zabala normalean aitatxi-amatxi, izeba-osaba … ez direlako euskaldunak eta hortaz, guraso horiek, batzutan modu deserosoan bizi dute egoera, edo aldatu behar izaten dute eta “jo! ta bai, bakarrik baldin banago haurrarekin bai egiten dudala baina eta bertze batekin baldin badago? eta bertze batekin?”. Ia beti dago norbait, guttitan zaude bakarrik haurrarekin.

Honen inguruan Iruñean egin dut ikerketa eta hori sumatu dut, ez dela berez erraxa. Baldintza aunitzen ondorioa da bitariko bikoteen seme-alabek izatea euskara ere lehen hizkuntza. Nik uste dut hori aztertu behar dela gehiago. Eta erran datsudana, bi gurasoak euskaldunak direlarik biek oso garbi izan behar dute, baina bietariko bat euskalduna delarik, oso garbi izateaz gain, kontrako baldintza aunitzi aurre egiteko kontzientzia izan behar du guraso horrek.

Esker anitz Paulari, honen lanarengatik eta elkarrizketarako eskaini didan denborarengatik, espero niretzako bezain interesgarria suertatu izana ere zuei!
Advertisements

lizarbeibar -ri buruz

Lizarraldeko edota Itzarbeibarreko euskarazko jardueraren bat iragarri nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan. lizarbeibar@gmail.com
Post hau Euskaraz bizi nahi dut, Garean atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Paula Kasares Lizarran (2/3), elkarrizketa -ri erantzun bat

  1. Nere postekin loturak: Izkiriaturik aurkitu ditudan ene artikuluak (IV) - Garaigoikoa

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s