Euskal Herriko Duatloia Lizarran, argazkiak eta jazotakoak

EH Duatloia, Olatz txapeldun
(Olatz, aurtengo Euskal Herriko txapelduna muga igarotzen)

Azken egunotan izandako gora beherak gaindituta (ikusi ondoko albisteak: urriak 7, urriak 16 eta urriak 18), azkenean Euskal Herriko Mendi Duatloi txapelketa larunbata honetan ospatu zen Lizarran.

Goizeko duatloietan bi adin-txandatan 51 haurrek parte hartu zuten eta irudi ederrak utzi zizkiguten. Ezin aipatu gabe utzi, dena den, lasterketaren trantze batean suertatutako pasadizoa. Lasterketa eta geroko otartekoak banatzeko mahaian, hauek antolatzen ari nintzela eta artean bakarrik nengoela, emakume zahar bat (75 urte edo?) haserre antzean hurreratu zitzaidan eta ondoko elkarrizketa izan genuen:

-¡Hay enfermos en la plaza y haceis mucho ruido! (Amonatxoak megafoniaren bolumenagatik erranen zuelakoan)

-ehhhh … (bai, nire aldetik elkarrizketari ekarpen ezinbestekoa eta paregabea benetan, dena den ez zuen erantzuteko betarik eman ze segidan …)

-¡Si no, que se vayan a la Ikastola! (hara! Badirudi beste zerbaitek egiten ziola enbarazu!)

Gogoratu beharra dago batetik lehendik Duatloiarekin sortutako polemika eta, bigarrenik, megafonian euskara eta gaztelania maila berean edo tartekatzen zituela speakerrak. Bi faktore horiek baliteke bere iritzian eragin izana eta, horrela, era abegitsuan gure txokora joateko gonbita egin.

Tira ba, arratsalde partean helduen lasterketa ospatu zen eta, duatloia ezagutzen ez genuen lagunentzako, ikusteko modukoa izan zen. Euskal Herri osotik zein urrunagotik etorritako 150 parte hartzaileren arteko lehiak eta txirrindula-korrikaren arteko trantsizioak, ikusten ederrak izan ziren. Hainbat duatloilariren esanetan ibilbide gogorra izan zen larunbatekoa.

Irteeratrantsizioa
(Duatloiaren hasiera eta parte hartzaile bat proba arteko trantsizioa egiten; Amaiurren argazkiak)

trantsizioaantolakuntza
(Argazki galeria osoa ikusteko klikatu hemen;
Amaiurren argazki galeria)

Amaitzeko, Lizarrako Alkatearen ekarpena, esaldi batean ederki laburbildu zuena: “¿Cómo pones? Algo de Euskal Herria. Es que ya empezamos con una entelequia un poco rara en tu solicitud“. Entelekia hitzaren aurrean, badaezpada hobe hiztegira jotzea. Bertan bi esan nahi topa daitezke. Bata filosofikoa, eta bigarrena, ironikoa, hain zuzen ere azken hau da gure Alkateak erabili duena: “erreala ez den gauza, errealitatean existitu ezin dena“.

Bada, 2001eko datuen arabera Lizarrako euskaldunak %10etik gora ginen, eta horri batzen badiogu zailtasunekin euskaraz egiteko gai zirenak %20 inguru; euskalduntze prozesu agerikoa izanda azken hamarkadan, ehuneko horiek behera baino gora egin dutelakoan nago. Hortaz, jakinaren gainean izan gabe, ematen duenez Lizarrako bost biztanletik bat bederen Oz-eko herrialde magikoan bizi izan gara urtetan, eskerrak Alkateak argitu digun eta gure txokoa zein den azaldu diguten.

Oz-eko mundua
(Oz-eko mundua, http://www.hoycinema.com/-etik hartutako irudia)

Lizarrako hiru kirol klubek antolatutako ekimena, Euskal Herri mailako zirkuitu batean txertatuta; herrira jende asko erakarriko duena (150 parte hartzaile, Kantabriatik ere etorriak, haien lagun eta familiak), ETB-k grabatua … Lizarrako turismoa sustatzeko eta gure hiriko kirol eskaintzarako aukera ona dela ezin ukatu. Gainera, antolatzaileek Bai Euskarari Ziurtagiria Zerbitzua eta Lana euskaraz mailan eskuratutakoa da. Hori guztia kontutan harturik, ez dira arrazoizkoak Alkateak jarritako trabak, diru-laguntzarik ez ematea eta piztutako polemika.

esaiguzu hizkuntza hau ez dela geurea
herri faltsu bat izan dugula maite
… … …
begitara begira begitara begira
lekuz kanpo gaudela esaiguzu

lizarbeibar -ri buruz

Lizarraldeko edota Itzarbeibarreko euskarazko jardueraren bat iragarri nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan. lizarbeibar@gmail.com
Post hau Euskaraz bizi nahi dut atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s