Euskaraz ikasi nahi dut eta euskaratik kilometrotara naukate. Elkarrizketak

https://i0.wp.com/farm6.staticflickr.com/5548/11314495485_ab0f63b02d_o.jpg

Datorren larunbatean Tafallan, 17:00etan, Euskaraz bizi eta ikasi herri ekimenak deituta manifestazioa dugu eskubide horien alde. Euskararen Legeak eta agintari politikoen erabakiek eragin dute nafarron oinarrizko eskubide horiek erabat kimatuta izatea. Eskubide urraketa hauek izen-abizenak dituzten familia askori eragiten die, ondoko lerrootan hauetako sei aurkeztuko ditugu: Ameskoako bi eta Artaxoa, Villatuerta, Oteitza eta Mendigorriako bana.

Kotarro 26 aldizkarian elkarrizketa gehientsuenak agertu badira ere, bada bat denbora eta espazio faltagatik argitaratu ez zena, hemen duzue Argiren elkarrizketa ere. Galderak honako hauek izan dira: 1) Zer zailtasun topatu dituzue haurrek euskaraz ikasi ahal izateko? 2) Nola gainditzen dituzue zailtasun horiek? 3) Urteak pasa dira seme-alabak euskaraz matrikulatzea erabaki zenutenetik, damutzen zarete hartutako erabakiaz? 4) Zure herrian euskara eskainiko balute jende gehiago matrikulatuko litzateke euskaraz?

Argi Rus
Argi Rus, Artaxoa, bi seme-alaba, 7 (Garesko eskolan) eta 2 urte (Artaxoako haur eskolan). Distantzia: 14,5km, Artaxoan eskola dute.

1. Goizeko 7,45ean altxatzen dira. Garesera joan baino lehen semea eta biok Itxaro Artaxoako haur eskolara eramaten dugu. Utzi ondoren Garesera joaten gara egunero joan-etorrian 28 kilometro eginez kotxearekin. Erosoagoa izango zen txikia utzi ondoren Josu Artaxoako eskolan geratzea. Josu eskolan hasi zenean taxiz joaten zen Mendigorriako beste ikaskideekin, horrela hiru urtez; orain dela bi urtetik kotxez egiten du. Oso txikia zen eta asko kostatzen zitzaidan negarrik ez egitea. Hori ez zait inoiz ahaztuko. Gehien kezkatzen didana arriskua da,dudarik gabe.

2. Aldatu behar izan nuen laneko ordutegia moldatzeko. Eta kilometro gutxiago egiteko, ezin naiz lana bukatu ondoren etxera itzuli.

3. Ez naiz damutzen eta berriro egingo nuke. Oso nekagarria izan arren merezi du.

4. Euskara eskainiko balute jende gehiago matrikulatuko litzateke, noski.

Karlos eta Ziortza
Carlos Garcia eta Ziortza Etxabe, Villatuerta, bi seme-alaba Remontival Ikastetxe publikoan, 5 eta 3 urte. Distantzia: 6km, Villatuertan eskola dute.

1. Umeak gure herrian ikastea nahi genuen baina euskararen legearengatik hau ezinezkoa izan da. Beste herri batzuetan gertatzen ez den bezala, Remontival Ikastetxean ikasteko, garraioa erabiltzeko eta jantokira joateko ez dugu arazorik izan, autobusa gure herrian gelditzen baita. Baina gure seme-alabek autobusa egunero hartu behar dute eta bizilagunak aldiz oinez doaz eskolara. Argi dago gure umeak herrian errotzea askoz zailagoa dela eta guri ere ahalegin handiagoa suposatzen digula, egunero herriko parkera eramaten ditugu eta Villatuertako eskolako Apymako kanpoko jardueretan parte hartzen dute.

3. Ez gara damutzen hartutako erabakiarekin, guk argi izan baikenuen gure seme-alabek gure hizkuntzan ikasi behar zutela, ondorio guztiekin. Gainera, Remontival Ikastetxearekin oso pozik gaude.

4. Bai, dudarik gabe, gero eta zailagoa da lana eta familia uztartzea eta herrian eskola izateak horretan laguntzen du. Hemen bertan badaude gurasoak atzera egin zutenak suposatzen zuen denbora eta lanarengatik.

Yoli, Ruben eta Toti
Ruben Tudela, Artaza, hiru seme-alaba Lizarra Ikastolan, 7, 7 eta 5 urte. Distantzia: 18km, Ameskoan eskola dute; Blanca Etxarri, Oteitza, bi seme Lizarra Ikastolan, 6 eta 5 urte. Distantzia: 16,5km, Oteitzan eskola dute; eta Yolanda Etxarri, Bakedao, bi seme Lizarra Ikastolan, 13 eta 11 urte. Distantzia: 18km, Ameskoan eskola dute.

1. Ruben: “Zailtasun dexente, adibidez bus publikorik ez dagoenez kotxez jaitsi behar ditugu Ikastolara, pentsa zer suposatzen duen: denbora, dirua, arriskua, laneko ordutegiak negoziatu behar … eta haurrek egunero Ikastolako jantokian bazkaldu behar“, Toti: “gainera bere lagun gehienak Lizarran daude, herrian beraz ez daude hain errotuak” eta Yolandak: “gurean adibidez, haurrak 7:45ean altxatzen dira eta 8:30 ateratzen (bailarako eskolara joateko busa 9:00etan abiatzen da) eta 20 minutu kostatzen zaigu Lizarrara iristea: gasolina gastu garrantzitsua, errepidearen arriskuak… Herrian gaztelaniaz egiten denez, horrek ere zailtasunak sortzen dizkigu.”

2. Ruben “Biok lan egiten genuenean zailagoa zen, orain ni langabezian nagoenez piska bat errazagoa zaigu ordutegiekin. Bestalde, diru gutxiago izanik bidaiak eta jantokia kontrolatu behar” eta Yolandak azaldu “ordutegi malgua dugu, nire koñatuak jaisten ditu ikastolara bere seme-alabekin eta gastua handia izanik ere kultural irabazten dugu”. Totik berriz, soluzioa eman die biei “autobusa jarri edo euskara herrian”.

3. Toti eta Ruben: “Ez gara inoiz damutu, euskara gurea da, altxor bat da eta zaindu behar. Guk zaintzen ez badugu… maite ez duenak ez dut uste egingo duenik… “, Yolandak aldiz “ni berriz batzuetan bai, batez ere negu gogorrak ditugunean”.

4. Toti: “Bai, Oteitzan hainbatek bere seme-alabak Oteitzako eskolara eramaten dituzte, Lizarrara ez etortzeagatik” eta Rubenek zehaztu “gure herria Eremu ez-euskaldunean dago eta nahiz eta urtero eskolan euskararen alde gurasoen %90 inguru agertu, Nafarroako Gobernuak ez digu uzten jartzen. Ziur aukera balego arrakasta izango lukeela”. Yolandak “bai, nire ustez Ameskoako guztiak joango lirateke”.

Eunate
Eunate Lopez, Mendigorria. Hiru alaba Garesko eskolan, 8, 5 eta 2 urte. Distantzia: 7km, Mendigorrian eskola dute.

1. Herrian ez daukagu euskaraz ikasteko aukerarik, beraz egunero hiru alabekin kotxea hartu eta errepideko arriskuarekin bizi behar dugu, gainera herriko umeekin harremanak hozten dira eta gastu garrantzitsua daukagu.

2. Zailtasunak senideen laguntzarekin gainditzen dira.

3. Guretzat erabakirik onena izan da eta berriro erabaki beharko bagenu gauza bera egingo genuke, euskaraz egiten den hezkuntza onena da.

4. Bai, gainera ez da uste bat, jendearekin hitz egin dut eta hala esan didate. Azkenean baina, ez dira herritik atera kotxea egunero hartu behar zutelako, gastua handitzen zelako eta Mendigorriako beste umeekin seme-alabek izango zuten harremana kezkatzen zituelako.

lizarbeibar -ri buruz

Lizarraldeko edota Itzarbeibarreko euskarazko jardueraren bat iragarri nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan. lizarbeibar@gmail.com
Post hau Euskaraz bizi nahi dut atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s