Lizarraldetik zergatik “Euskaraz bizi eta ikasi” herri ekimena?

Lizarraldeko hainbat kide
(Euskaraz Bizi eta Ikasi herri ekimenaren Lizarraldeko zenbait kide)

Joan den azaroaren 28an Euskaraz Bizi eta Ikasi herri ekimena aurkeztu zen. Bertan, “Eremu ez euskalduneko” eta “mistoko” hainbat herritako lagunek parte hartzen dute, hain zuzen ere hizkuntzaren araberako zonifikazioak kaltetutakoak.

Lizarrako Merindadean euskarazko murgiltze ereduaren alde dagoen interesaren lekuko, D eredua ere izendatua, aztertutako datuak. Horrela, 2011-2012 ikasturtean, Lizarra Ikastola eta Remontival eskolaren D ereduko ikasleak kontutan harturik, 1.000 ikasle inguru genituen euskaraz ikasten, eta hauetatik %52a bakarrik zegoen Lizarran erroldatuta. Beste %11 “Eremu Mistoa” delakoan bizi diren haur eta gazteak dira eta beste %37 “Eremu ez euskalduna” delakoan bizi direnak. Hau da, ehunka familia. Hauetako askok, haien herrian edo inguruan landa eskola izan arren egunero Lizarrara joan behar dute.

esku orriak banatzen
(Eskuorriak banatzen eskola baten atarian)

Arazo hau ez da inolaz ere bakarrik Lizarraldean ematen, Izarbeibarren adibidez, %42a dira “Eremu ez euskaldunean” kokatutako herrietatik Garesko eskolara joan behar dutenak nahiz eta hainbat udalerritan berezko eskola publikoa izan. Tafallan ere, gaur egun bertako Ikastolako ikasleen %30 inguru herrietakoa da eta, hortaz, desplazatu beharra dute. Gainera, ez da erraza ahazten ere orain ez hainbeste itxi dituzten landa eskolak: Zirauki 2009an eta Mañeru 2010ean. Nafarroako Gobernuak D eredua bertan martxan jartzea ekidinez, eskolak ustu eta itxi egin zituen.

Ez da ahaztu behar ere, erabat maltzurra den Euskararen Foru Legeak ez duela D eredua bermatzen Nafarroaren zati batean, baina ez duela ezta ere debekatzen. Borondate politikoaren esku geratzen da eskubide honen aitortza. Horrela, Noaingo eredua dugu, zeina “Eremu ez euskaldunean” egon arren bertako eskolak bai eskaintzen duela euskarazko murgiltze eredua.

Lizarraldera itzuliz, arazoa argia da eta adarkatze anitz ditu. Adibidez, landa eskoletan edo tokiko kontzentrazio eskoletan D eredua ez eskaintzeak arazo anitz sortzen ditu zeinetatik batzuk hemen zerrendatuko ditugu:

• Familien gastuetan handitze nabarmena, euskarazko murgiltze eredua aukeratzean sendi askok haien kabuz burutu behar du seme-alaben garraioa. Gainera, garraio zerbitzu publikoko leku libreak baliatzen dituztenak, hein batean egoera arintzen badie ere, betiereko ezinegonean mantentzen ditu ez baitzaie ikasle garraiatuaren eskubidea bermatzen.

• Herrietako despopulatzearen arazoa handitzea, euskara ikasi nahi duten familiei Lizarrara joatera behartuz. Jatorrizko herrian gazteen errotzea ere zailtzen du txikitatik Lizarrara bidaliz ikasketak egitera eta, horrela, herritik kanpoko harremanak indartuz eta herrikoak zailduz.

• Herrietako zerbitzu faltaren arazoa handitzea, eskolak euskara ikasi nahi duten ikasleez hustuz hauen itxiera errazten du.

• Urtero errepidean kilometro asko egitean egunero Lizarrara joateko, arriskuan jartzen ditu. Jada biktima bat bederen izan da Lizarraldean.

• Lanaren eta familiaren arteko kontziliazio zaila: ordutegien negoziaketa lanpostuetan, gurasoen lan gehigarria haurrak herrian errotzeko …

arrazoi asko dago
(Ikusten denez, arrazoi asko dago)

Aldi berean, aipatu beharra dago ere derrigorrezko ikasketen ondoko irakaskuntzan ditugun arazoak. Formazio Zikloa aukeratzen duenak, adibidez, euskarazko irakaskuntza utzi beharko du eskaintza gaztelaniaz baitu huts hutsean. Batxilergoari dagokionez D ereduko ikasleriak ez du garraio zerbitzurik eskola jarduna bukatzean, gaztelaniazko ereduak baino ordutegi luzeagoa izanagatik.

Zailtasunak anitzak dira askatasunez hizkuntza eredua aukeratu ahal izateko. Ez dugu ulertzen zergatik eredu edo hizkuntza programa batzuentzako ez den existitzen zonifikaziorik eta, aldiz, bai euskararentzako. Bada eskaria (matrikulazio datuak begiratzea besterik ez da), beharrezkoa da, Legeak ez du debekatzen eta eskubidea dugu, falta zaigun bakarra Nafarroako Administrazioak aitortzea da. Hori dela eta Lizarraldeko hainbat herritako lagunak herri ekimen honetara batu gara euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea aitortu diezaguten.

kartelak Ander Deunan
(Kartelak jartzen Lizarrako Ander Deuna ferietan)

Honako hau herri ekimen berria da, eta aurreneko erronka izanen du Tafallan manifestazio baten egitea, Euskararen Legearen urteurrenaren bezperan, abenduak 14, larunbata, 17:00etan, euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubidearen alde.

Gure eskualdeko eragileak ekimen berri honetara batzea nahiko genuke, eta, batez ere, bere herrian hizkuntza eredua libreki aukeratu nahi eta ezin duena erakarri nahiko genuke.

lizarbeibar -ri buruz

Lizarraldeko edota Itzarbeibarreko euskarazko jardueraren bat iragarri nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan. lizarbeibar@gmail.com
Post hau Euskaraz bizi nahi dut atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s