Zorionak lizarratar guztioi! atzokoa bihotzean, goizekoa buruan, arratsaldeko prentsaurrekoa

Zorionak Begoña
(Hala eta guztiz ere, Lizarrako Alkateari Zoriona opatzen,
klikatu irudian bideo laburra, 5sg, ikusteko)

Gaurko egunean, abenduak 24, prentsaurreko azkar bat egiteko beharra ikusi dugu. Alkateak goizean Udaleko langileak bidali ditu eta atzo, astelehena 23, herri-ekintzak jarritako bonbilladun Zorionak kendu egin dute. Ondoko lerrootan duzue bidali nahi izan dugun mezua, ostegunean prentsan izatea espero duguna:

Atzokoan herritarrok ekimen iruditsu, polit eta umoretsua burutu genuen Lizarrako Foruen enparantzan. Horren azukretsua izan zen non diabetikoendako kaltegarria ere izan zitekeen!

Abenduaren hasieran Udalak jarria zuen “Felices fiestas” eder bat baina euskarazko zorion mezurik ez Lizarrako erdigune sinbolikoan, hau da, Foruen enparantzako kioskoan; bai jarria zuela, ordea, Udaletxean. Udalbatzan bertan formalki eskatu zitzaion UPN-ko Alkatetzari Lizarrako elkargune sinboliko horretan jartzeko eta uko egin zion.

Hori dela eta, Lizarrako euskaldun eta euskaltzaleok zerbait falta genuela sumatzen genuenez, Udalak egin ez zuen lana geure kabuz egitea deliberatu genuen. Horrela, prestaketak egun batzuk iraun bazituen ere, atzo astelehena 23, bonbilladun ZORIONAK jarri genuen “Felices Fiestas”-en ondoan eta momentu ederra igaro genuen bertaratu ginen ehun bat lagunok txokolate otarteko goxoak dastatuz. Ez baitugu ezer kendu nahi, batu eta gehitu nahi dugu, Lizarra aberastu.

Gaur goizean baina, Alkatetzaren aginduz Udaleko langileek ZORIONAK kendu dute kioskotik. Jendearen haserrea nabaria izan da goiz osoan zehar, zentzugabea eta elkarbizitzaren kontrako erabaki idorra. Hau ez da baina lehendabiziko aldia horrelako zerbait gertatzen dena, Udal honek egin dituenen izotzmendiaren punta besterik ez da. Horren lekuko adibidez, eta denboran urruti joan gabe, aurtengo Korrikan gertatutakoa, Alkatea bera, bere “bisoi” berokiarekin eta guzti, hiriko Azukarero zubitik Korrika pankartak bere eskuekin kentzen aritu zitzaizkigun Korrika igaro aitzineko goiz batean.

Argazkiak ditugu horren lekuko, orduan erabaki zen hauei zabalpenik ez ematea baina argi dago behin ez, nahi bestetan eginen dituela horrelakoak gure UPN-ko Alkateak eta nahikoa dela deritzogu. Ezin mezu positiboagoa baliatuz ekarri dugu ZORIONAK lizarratarron bilgune den enparantza honetara eta hala eta guztiz ere bertatik kendu nahi izan du.

Kendu nahi izan du diogu, ze gure aburuz hor darrai. Egun, Lizarrako edozein bizilagunek, Kiosko ondotik pasatzean, “Felices fiestas” argitsu bat beharrean horren ondoan geratu den hutsune hotza ikusiko du. Nahi izan du diogu, bonbilladun ZORIONAK plazaratzeko asteleheneko ekimenak, ahoz aho bildu zuelako jendea kiosko azpira; eta ekimenean bertan, bonbillak piztean, Zorionak ahoratu zitzaigulako denoi. Orain gure ahoetan dago, gure mingainaren esku dago Zorionak zabaltzea, ezin protesta molde ederragorik izan, Eguberri hauetan, eta urte osoan zehar, norberak dakien euskararen neurrian ahalik eta gehien erabiltzea gure hizkuntza, euskara.

Hau guztia dela eta, ezin prentsaurreko hau bukatu honakoa opatu gabe: ZORIONAK ETA URTE BERRI ON LIZARRATAR GUZTIOI! … Bai, guztioi, baita zuri ere Begoña.

Zorionak Begoña

lizarbeibar -ri buruz

Lizarraldeko edota Itzarbeibarreko euskarazko jardueraren bat iragarri nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan. lizarbeibar@gmail.com
Post hau Euskaraz bizi nahi dut atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s