Euskaraz Bizi Nahi lasterketak Lizarran: Bideo berria, Prentsa eta Balorazioa.

Lasterketa

Azaroaren 7an Euskaraz Bizi Nahi lasterketa eta flash-mob arrakastatsuak ospatu genituen Lizarran, eta joan den astean herriko talde eragileak balorazioa egin zuen. Hemen topatuko duzue balorazio horren laburpentxoa eta gehiago:

Antolaketaren aldetik, 40 lagunetik gora parte hartu dugu modu batean edo bestean. Lehenik eta behin zehaztu antolaketa hiru mailatan bideratu dela: Euskal Herrian Kontseilua arduratu da lasterketei estalpe emateaz, materiala eskaintzeaz (kamisetak, diplomak, asegurua, zozketa-sariak…) eta baita lasterketen arteko koordinazioaz eta zabaltzeaz.

Horrekin batera Lizarran EBND (Euskaraz bizi nahi du) talde eragilea abiatu genuen, sei lagunez osatua, eta irailetik hona bilerak egin dituena. Bertan erabaki zen zer nolako itxura hartuko zuten lasterketok Lizarran; azken bi urteotako esperientziak kontutan hartuta azkenean data eta flash-moba erabaki ziren. Talde eragileko kideak beste talde askotan partaide izanik ere norbanako gisa egin dute lan hilabete hauetan, lasterketen data gerturatzean baliatu dira harremanak laguntzaileak topatzeko.

Laguntzaileak 40 inguru izan ziren egunean bertan, hemen dituzue batzuk:

LASTERKETETAN 13 lagun (ibilbidea, irteera-helmuga, gidaria…)

POSTUETAN 16 lagun: 4 arropan, 4 izen-ematean, 4 txokolatean, 3 Errigoran

BESTELAKOETAN 7 lagun: 4 argazkiak eta bideoak egiten, eta Soinu teknikari bat, esatari bat eta flash-mob gidaria.

AURREKO EGUNETAN ere: eskoletan eta euskaltegian entseguak eta difusioa; aurreko ostegunean txokolate beroa prestatzen…

txirrindulaerrigora
arropaizen ematea
soinuairteera

Zenbait balorazio positibo:

Azken bi urteotako parte hartzea hirukoiztu ala laukoiztu dugu, jende askok parte hartu du. Izen-emateak 320 izan dira baina parte hartzaileak askosaz gehiago. Ohar gisa: aurreko urteetan 100 izen-emateren bueltan ibili ginen. Kamisetak agortu egin ziren eta 27 banderola saldu ziren.

Eskolekin izandako elkarlana eta hauetan piztutako interesa.

Flash-mobak piztutako interesa, eskoletan lanabes izateko aukera.

Kirol taldeetako bi kidek talde eragilean izandako parte hartzea. Aurreneko urtean Gazteekin bultzatu genuen elkarlana, bigarren urtean herriekin eta Irriherri euskara elkartearekin, aurten kirol taldeekin.

Lagun askoren elkarlana eta laguntzari esker burutu dira (40 lagunetik gora), eta bilerak zein lanak euskaraz burutu dira (hedabideekin elkarrizketak salbu, ez baita euskaldunik bertan).

Asteko egunean (ostirala), orduan (17:00ak) eta kokapenean (Lizarrako Koroatze plaza) asmatu zen. Eskoletatik erraz zuten hurbiltzea.

Helburu ekonomikoa inoiz baino hobe, Kontseiluarentzat 1.629€ bildu dira (kamiseten, diplomen, banderolen, aseguruaren… gastuak deskontatu beharko dituzte).

Online egindako zabalpena ere handia izan da. Bai aurretik (blogean albisteak, promozio bideoa, koreografia bideoa, 2012ko argazki galeria eta bideoa, 2013ko argazki galeria, karteleria, ibilbidearen mapak, antolaketa…) eta baita egunaren ondotik aurtengo, 2014ko, jaiaren argazki galeria eta bideoa. Garrantzitsua izan zen jai ospatu eta berehala, igande eguerdian, argitaratu eta zabaldu zela. Horretarako bloga, e-posta, buletin, prentsa, bideo kanalak, whatsapp-a, zirkularrak, sare sozialak… baliabide asko erabili ziren.

Prentsan ere oihartzun handiagoa izan dugu, irratian, eta bereziki azaroaren 1eko eta azaroaren 15eko Diario de Noticiasen.

azalaBigarren orrialdeaHirugarren orrialdea

Txokolateak erantzun hona haurren aldetik.

Eta, arrakastarik handienetakoa, “Euskaraz Bizi Nahi dut” mezua esparru ezberdinetan zabaltzen jarraitu dugula: azken urteotako gazte eta herri-Irriherri esparruekin batera, aurtengo kirol taldeetako kideak, eskolak eta hedabideetan izandakoa indarrak mezua lau haizetara zabaltzen lagundu digu. Euskal komunitatearen muina hartu, gainditu eta erdal komunitatera iritsi da mezua (prentsa erdalduna, guraso erdaldunak…)

Lizarra Ikastolan egin zuten flas-mob entseguaren bideoa, kirolgune blogetik hartuta:

Zenbait hobetzeko:

Lan-karga, talde eragilean bereziki. “Denbora librearen” denbora libreari xukua atereaz egin da lana. Lan-karga totala gutxitu da baina talde eragileak eskaini ahal zuen denbora ere. Lana hobeki egin da baina neke gehiago ere sumatu da.

Parte hartze handiak eta berau aurreikusi ez izanak albo-ondorio batzuk utzi ditu: (1)Jende asko kamisetarik gabe geratu zen, (2)Ilara handiak sortu ziren eta lasterketa atzeratu zen, (3)Helduek eta haur batzuek ez zuten txokolate beroa dastatzerik izan. Datorren ikasturteari begira kamiseta-izen ematea berrantolatuko da, kamiseta gehiago eskatuko dira eta aurreko egunetan izena emateko/kamiseta hartzeko aukera aztertuko da.

Talde argazkiak, beste behin ere, ez ziren ongi atera. Bi argazkilari behar ditugu lana banatzeko eta argazki-ateratzea gidatzeko lagun bat behar dugu. Antolatzaileak peto horiekin identifikatu? Horrekin batera, argazkiak ateratzen bai baina baita bideoak ateratzen egon behar du jendea.

Argia berehala joan zen, eta horrek argazkiak eta bideoak ongi hartzea zaildu zuen. Honakoa aurreikusia genuen data aukeratzerakoan baina halabeharrez atzeratu behar izan genuen.

Lasterketen abiadura, kontuan izanda ez lehiakorrak zirela, handiegia izan zen. Nolabait moteldu beharko lirateke. Helduen lasterketan gainera korrikalariak ibilbidean barrena sakabanatu ziren, pelotoia osatzeko modua bilatu beharko litzateke. Helduek eta haurrek lasterketa bakarra? pankarta bat? ibilbide laburragoa?

Haur txikienei distantzia handiegia egin zitzaien.

Zenbait gurasok ez zuten jaiaren berri, seme-alabek aldiz bai.

Flash-mobean ez zen aurreikusi gurasoek zuten grina seme-alabak gertutik ikusteko, horrek ekarri zuen dantza egiteko leku gutxi izatea eta parte hartu nahi zuten hainbat helduk dantzatu ezin izatea. Beste baterako, zinta batekin eta lau lagunekin dantzatzeko eta ikusteko guneak banatu ahal dira leku nahikoa utziz.

Gazteekin harreman handiagoa izateko beharra sumatu da.

Hedabide batzuen arreta erakarri badugu ere (Diario de Noticias, irratia eta bigarren maila batean Entreto2), beste batzuekin ez da inolako emaitzarik jaso (Diario de Navarra edo Calle Mayor kasu).

Euskaraz Bizi Nahi dut jaia beste egitarau zabalago baten baitan paratzea estimatu da. Aurten saiatu ginen urriaren 31ko “Lingua Nabajorum” euskal antzezlanarekin eta mintza-afariarekin osatzen baina egunez aldatu behar izan genuen data. Halloween jaia dela eta gazteak erakartzeko zailtasunak aurreikusi ziren eta, gainera, Lizarrako eskolek jai eguna zuten. Ahal bada, datorren urtean beste egitaratu baten baitan txertatzen saiatuko gara (iaz Irriherriren euskararen egunaren baitan izan zen)

Honako hauek egindako balorazio batzuen laburpena dira, inork beste zerbait gehitu nahiko balu, gurekin jarri harremanetan lizarbeibar@gmail.com-en eta eguneratuko dugu albiste hau eta datorren urterako balorazio kolektiboan gordeko dugu hobetzeko animoarekin.

Azkenik, eta aurreko urteetan bezala, hobetzeko izan daitezela geure buruari egiten zaizkion/dizkiogun kritika hauek! Baina inolaz ere ahaztu gabe eguna erabat-erabat arrakastatsua izan zela. Hemen ez ahazteko bideoa:

Advertisements

lizarbeibar -ri buruz

Lizarraldeko edota Itzarbeibarreko euskarazko jardueraren bat iragarri nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan. lizarbeibar@gmail.com
Post hau EHE, Euskaltegiak, Euskaraz bizi nahi dut, Garean, Mintzakide, Multimedia atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s