“24 ordu euskaraz” Lizarran, argazki galeria eta bideoak.

(Eguneko irudi sorta, goizean aritu zirenen mezuekin)

Zorionak, egin dugu. Erronka, desafio, aupada norberari eta Lizarraldeari berari ere, hori da larunbatean egin genuena: gozatu, emozionatu eta erakutsi, demostratu egin baitugu gai garela hori dena euskaraz egiteko. Non eta hemen, gure herrian, Lizarran. Beste inora joan gabe. Euskararen eguna zena Eguna Euskaraz bilakatu dugu, bejondeigula!

Ezin zenbatu egunean zehar hurbildu zen jende kopurua, ehunka izanen ginen jarduera batean edo bestean parte hartu genuenok, doala baina esker bereziena egun osoan (eta baita gauean ere) gurekin izan zirenei. Irudi ederrak utzi zizkigun benetan egunak baina belaunaldi-artekoa da hunkigarrienetako bat. Gazteak, adinekoak, gurasoak, kuadrillak, haurrak… gai izan ginen denontzako izatea eguna. Ordu bakoitzean protagonismoa batzuek ala besteek hartu, azkenean denok izan genuen tartetxoa gozatzeko batzen gintuen horrekin, “ukitu ezin dena baina ederki ukitzen gaituen” horrekin: euskararekin.

Egun berezia izan zen larunbata, erronkari heldu eta norberak bere neurrian askok heldu genion. Goizean txistulariek abiatuta 2 mintzodromo egin genituen Llanos Aisialdi Gunean; 8 mintza-talde osatu ziren orotara, 30 lagunetik gora mintzodromo bakoitzean. Solasaldi gidatuen artean hamabitakoa eta Kotarro aldizkariaren erakusketa eta proiekzioa.

Kotarro aldizkariaren erakusketako proiekzioa:

.
Goizean zehar sakabanatuta 50 bat lagun aritu ginen Llanos Aisialdi gunean (Golem), eta azken mintzodromoaren ondotik Euskaraz bizi nahi dut Laburmetraiak hautatuen emanaldian 30 lagun izan ginen. Bertan, 5 laburmetrai ikustearekin batera, ondokoa eskatu zitzaien parte hartzaileei: batetik gustukoen zutena aukeratzea (berdinketa teknikoa izan zen bi laburmetrairen artean) eta bestetik zirrara sentitu bazuten, sentimenduren bat, gogoan zer edo zer pizten bazitzaien, labur minutu batean anonimo idazteko eskatu zitzaien.

Laburmetraiak ikusi genituen 30 lagunen artean 13-k aukeratu zuten bideoa:

.
Ondotik Ikastolako jolastokian 100 lagunentzako bazkari goxoa hartu genuen, puzgarri erraldoia, liburuen zozketa, txotxongiloak, eta denentzako jolasak izan ziren. Eguraldi ederrak lagunduta, itzaletan, 18:00ak bitarte izan ginen han. Ondotik, Cafe&Letras tabernara abiatu ginen kalejiran eta han euskaraoke eroarekin eta dantza beroekin igaro zen arratsaldea. 21:00ak aldera berriro martxan ginen eta Gure Hizkuntza elkartean talo-afaria izan genuen, poteoa eta azkenik, gauerdiaren aurretik mezua irakurri genuen eguneko irudien eta goizeko lagunen mezuek lagunduta:

Gauaren Borobiltzea, mezua irakurtzen

Gabon guztioi, eta zorionak, egin dugu. Erronka, desafio, aupada norberari eta Lizarraldeari berari ere, hori da gaur egin duguna: gozatu, emozionatu eta erakutsi, demostratu egin baitugu gai garela hori dena euskaraz egiteko. Non eta hemen, gure herrian, Lizarran. Beste inora joan gabe.

“Gaua gauekoentzat, eguna egunekoentzat” dio esaerak; gaurkoan baina, egunekoek gauekoentzat mezu batzuk ekarri dizkigute. Honako hau da goizean ikusi ditugun laburmetraien artean jendeak gustokoen izan duena:

Goizean Lizarrako 12 ikuslek aukeratu zuten bideoa, gauean proiektatu genuen kalean:

.
Baina ez da hori egunekoek transmititu nahi izan diguten mezu bakarra, laburmetraiak ikusi eta gero sentitu dutena kontatzeko eskatu diegu, hemen dituzue egunekoek kontatutakoaren lagin bat eta gaurko argazkiak:

Ikusi dut euskera ze inportantea den

Bakarrik ez gaudela sentitu dut eta ezusteko politak har ditzazkegu

Gutxien espero duzunean, espero ez duzunarekin

Komunitate baten partaide naiz, horrek poza eta indarra ematen dit

Euskaldun sentitzen garen pertsonentzako oso hunkigarria

Gogora etorri zait gurasoen hitzak: Ikastolara eraman zintugun, gure lurreko hizkuntza ikasteko. Guk ez dakigu baina momentua da gauzak aldatzeko.

Sentitzen dut indarra euskararekin eta pentsatzen dut euskaraz bizitzea posible dela

Ukitu ezin den zerbait nola ukitzen nauen

Umearen begiradan zoriontasun osoa, erabatekoa

Emozioen hizkuntza unibertsala denez, euskara eta emozioak lotuz unibertsal egin dezagun

Etxetik atera eta norbaiten ezpainetatik euskara sortzen bada, zoriontsuago sentitzen naiz.

Inork esan dezake, zergatik 24 ordu baldin eta egitarauan 14 ordu badaude? Bada, hasieran esan bezala, erronka gizarteari bezainbeste norbanakoari bota diogulako.

Egunak, giroak eta jarduerek lagungarri behar zuten, ate ireki bat, baina norberak zeharkatu behar zuen markoa, norberak osatu bere euskararen eguna: gosaltzen Berria irakurri, ETB1 ikusi, aspaldi deitu gabeko lagun euskaldunari telefonoz hotsegin, komertzio euskaldun batera joan, Mikel Urdangarinen diska jarri, Euskadi Irratiko albistegia entzun…

Gaur bilatu duguna sentitzea izan da, disfrutatzea, eta ohartzea egin dezakegula. 24 zenbakia euskararen ikur bilakatu dugu. Baina ez al gara euskaldunak erronka-zaleak? Anbizioa izanen al dugu eta gure egin 365 zenbakia ere?

Bide horretan, noberak eman beharko ditu lehen urratsak, baina euskal munduak horretan lagunduko du: Martxoaren 27 honetan, ostiralarekin, Korrikak gure bide eta errepideak zapalduko ditu oin-hots gozoz. Tipi-tapa-tipi-tapa; horrela joanen gara Korrika, eta deskuidoan apirilaren 25era iritsiko gara. Egun horretan Kontseiluak deituta Anaitasunan aurkeztuko dira Nafarroan euskaraz bizitzeko hizkuntza-politikaren gakoak, eragiteko eta aldatzeko helburuarekin. Baina ez dugu proposamen hutsa eginen, ezta emozioekin bihotzak berotzera mugatu nahi ere, aldaketaren lemazain izan nahi dugu.

Bada garaia, har dezagun iniziatiba, ekin etorkizunari, herri zahar honek bihotza gazte baitu oraindik. Heldu lekukoa, eta pasa hurrengo belaunaldiari, gure aroan ez da hautsiko euskararen transmisio-katea.

Baina eguna ez zen hor amaitu, guztia jaso eta gero, hona hemen Neue Buruben-en kontzertura hurbildutako batzuk. Eskerrik asko kontzertu ederra eskaini zeniguten!

lizarbeibar -ri buruz

Lizarraldeko edota Itzarbeibarreko euskarazko jardueraren bat iragarri nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan. lizarbeibar@gmail.com
Post hau EHE, Euskaltegiak, Euskaraz bizi nahi dut, Garean, Mintzakide, Multimedia atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s