“uno, dos, tres, cuatro, cinco, sei, zazpi, zortzi, BEDERATZI! HAMAR!” 79 urte eta gero alkate euskalduna Lizarran

Inbestitura saioko zenbait pasarte, euskararen ikuspegitik

Larunbatekoa emozioz beteriko eguna izan zen jende askorentzako, alde askotatik begiratuta: arlo sozialetik, autoestimuaren aldetik, elkarbizitzatik, aniztasunetik… norberak bere karga sinbolikoa bila dezake. Nirea Lizarratik eta euskaratik eginen dut.

Azken bi legegintzaldiak bereziki oldarkorrak izan dira euskal hiztunondako, mespretxua, ahoz gora zein ahopeka, egunerokotasunean iltzatuta izan dugu. Gutxi asko denok izan dugu honen berri, denok izan dugu presente: kalean kartelak eta seinaleak ikustean, udalean zerbitzu bat jasotzean…

Baina, inor gogoan izatekotan, horiek Lizarrako udaleko langileak dira. Haietako batzuk lanean etengabeko jazarpena, hauen lanaren eta profesionaltasunaren gaineko desprestigio maltzurra… mehatxuaren eta lan jazarpenaren mugan, gainditu ez denean. Zenbat pasadizo, gertaera eta bizi-pena orma horietatik atera ez direnak.

Beno, haietako batzuk bai atera direla, 2013ko Gabonetako “Zorionak” kaleko argi-apaingarria kasu:

Zorionak kartela

Eta, iraganera jo baldin badugu, zergatik ez 79 urte atzera, ezin baita ulertu gaur egun Lizarran euskarak duen uzta Fortunato Agirre alkate abertzalearen garaira, Errepublikara, itzuli gabe. Lehen ikastola eta gau eskola ireki zituzten orduko hartan, euskara erein zuten orduan. Eta garesti ordaindu zuten. Bizia galtzearekin batera euskara ostu ziguten berriro, “txistua eta ‘agur’ hitza” ere debekatu ziguten.

Ereindako hazia ez zen baina lur mortuan landatu, hamarkadak behar izan zituen baina kimuak azaleratzen hasi ziren. Sinbolismoz beteriko inbestitura saioa izan zen larunbatekoa, hor genituen adibidez Fortunato Agirreren alaba bikiak. Aretoa lepo, sarrerako pasilloa bete, jendea ilusioz aldaketaren itxaroan.

Gararen argazkia

Alkatea aukeratzeko momentuan, mahaiburuak bozak zenbatzean, uno, dos, tres, cuatro, cinco… eta jendeak ezinegonean bozak gero eta ozenago zenbatzen lagundu dio, oharkabean hizkuntza aldatuz sei, zazpi, zortzi… geroz eta ozenago, ia oihuka amaitu arte …BEDERATZI, HAMAR!. Txalo zaparrada jarraian.

Eta Alkate berriaren lehen hitzak, euskaraz, ondotik euskara eta gaztelania tartekatzeko, itzulpenik egin gabe denontzako zer entzuna. Baina hori bai, mezu osoa ulertzeko, ezer ez galtzeko, euskalduna behar. Zazpi zinegotziren zina, kargu hartzea, euskaraz ere. Alkatearen kargu hartzea, euskaraz ere, isilunea, zeremonia gidatzen duenak gaztelaniaz esatea itxaronen balu bezala. Ez da beharrezkoa, erritual bat da.

Ondotik, elkarrizketa itxian, zinegotzi batek, berria eta oldarkorragoa, galdetzen, aurpegiratzen dio beste bati ez duela ulertu zin egitea. Eta ez badute zin egin? Berak hurrengoan ingelesez eginen duela ba. Besteak erantzun ezetz, ingelesez ezin dela, arautegiak ez duelako ahalbidetzen baina ez dadila kezkatu, arazoa ez ulertzea bada azalduko diola zer esan duten: “Legeak ala behartuta, bai, baina zin egin dutela“. Edo ez al da hori arazoa? Asko dago egiteko.

Momentu ona ematen du 2013ko Gabonetako argazki hau memoriatik berreskuratzeko, egun hartan zorionak opa genizkion Ega ondoko hiriko alkate, orain, ohiari. Gaurkoan baina, gogobetez erran dezakegu: Zorionak Lizarra! Zorionak euskara!

Zorionak

Advertisements

lizarbeibar -ri buruz

Lizarraldeko edota Itzarbeibarreko euskarazko jardueraren bat iragarri nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan. lizarbeibar@gmail.com
Post hau Euskaraz bizi nahi dut atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s