Ze bi? “A ze parea” ote? C2, espektatibak

baliokidetzak

Gaurko blog sarrera ezohikoa izanen dugu, irakurle maiteok. Ez da albiste baten berri emanen, ezta euskarazko jarduera bat iragarri ere. Bloga maiztasunez jarraitzen duzuenok badakizue zeinen sinadura daramaten albiste gehien-gehienek. Kontua da C2 euskara maila egiaztatzeko titulua ateratzeko asmotan nabilela eta, horretarako, AEKn eman dudala izena online bidezko ikastaroan.

Hori dela eta, erabaki dut ikas prozesuan zehar egiten ditudan zenbait ariketa probestea blogeko albiste emaria elikatzeko; horren lehen tanta duzue honako sarrera hau. Honen bitartez ikasleak ikastaroarekin dituen espektatibak, nahiak zein beharrak azaldu behar ditu. Hortaz, hariari helduko diot eta nire igurikimenak, gurariak eta premiak azalduko dizkizuet.

Ikastaroan ekainean eman nuen izena eta ikasturte hasiera, bederen, lasaia aurreikusten nuen. Hara non, ezustean nire denbora librea hustuko zuten bi gertakari jazo ziren: batetik, euskara teknikari lana berrartu nuen iraila abiatzearekin batera eta, bestetik, martxan jarri zen Nafarroako euskara teknikarien lan poltsa osatzeko prozesua. Bi gertaera horiek erabat baldintzatu zituzten nire hasierako nahiak.

Azken sei urteotan euskara irakasle eta mintzalagun aritu naiz Lizarra inguruan, hala nola euskalgintzako kide zein sustatzaile sutsu, honek hein handi batean euskaraz bizitzeko aukera eskaini dit. Honen adibide sortu nituen online ekimenak dituzue: honako blog hau, facebook orrialdea, twitter kontua, flickr, youtube kanala eta abar.

Sortu eta zabaldu, hori izan dut lema, eta bide horretan aukeratu behar, kantitatea ala kalitatea. Susmoa daukat kantitateari erreparatu diodala gehienbat, bai ekintzen aldetik zein hedabideenetik ere. Horrela, euskararen erabilera sozialari lehentasuna emanez (hala, herrian eragite aldera, hautu zuzena egin nuela uste dut), nire eremu pertsonaleko euskaran gabezia nabaritu dut. Horri aterabide bat eskaintzeko asmoz animatu nintzen C2 ikastarora. Horra nahi bat, nire euskara hobetzea, testuak patxadaz idaztea, esaldiak bitan pentsatzea, hiztegia aberastea…

Bada, ordea, bigarren gurari bat ere, lehen esan bezala euskara teknikari ari naiz eszedentzia batean eta bertan ezinbesteko lan tresna dut euskara jasoa. Hortaz, lana hobe egin ahal izateko eta, bide batez, lehiaketetan puntu gehigarriak jasotzeko, C2 ikastaroa zein honi loturiko C2 titulua baliagarriak izanen zaizkit.

Beti pentsatu izan dut lanik ez duena lan egin nahi ez duelako dela; lana ez da falta, soldata duinak, ordea, bai. Tamalez, eta zorionez, zorionez diot lana izan banuelako, baina orain, gainera, soldata ere topatu dudalako, honek ikastaroarekin disfrutatzeko nituen espektatibak leundu ditu, ez baitiot behar dudan patxada eta hausnarketarako tartea eskaini ahal.

Hala eta guztiz ere, ikastaroarekiko nire nahiak edota premiak, eguneroko betebehar eta konpromisoekin uztartzen saiatuko naiz eta, ahal delarik, hemendik eratortzen den sorkuntza bloga elikatzeko erabili. Ez dut, ba, erronka samurra! Denborak epaituko du desafioa bete ote dudan. Bitartean, ongi segi guztioi.

Alfredo.

lizarbeibar -ri buruz

Lizarraldeko edota Itzarbeibarreko euskarazko jardueraren bat iragarri nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan. lizarbeibar@gmail.com
Post hau Euskaraz bizi nahi dut atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

2 erantzun Ze bi? “A ze parea” ote? C2, espektatibak -ri

  1. JOSEMIGUEL-k dio:

    Aupa Alfredo,
    Ni ere C2 maila egiteko interesarekin nabil, batez ere, duela urte asko ikasitako euskara idatzia birpasatzeko, eta diozun moduan, euskara modu orokorrean hobetzeko. Hainbat euskaltegiko webguneetan begiratu dut ea ikastarorik eskaintzen duten, baina badirudi Nafarroan ez presentzialki ez dagoela aukerarik. Online modalitateak ondo funtzionatzen al du? Euskaltegira noizbehinka joatea beharrezkoa al da? Zenbat denbora irauten du ikastaroak?

    • lizarbeibar-k dio:

      Kaixo, Joxe Miguel:

      Nafarroan aurrez aurre egiteko aukerarik ez da ez. Bestalde, ez duzu euskaltegira joan beharrik, ikastaro osoa online da eta, uste dut, maiatza-ekaina bitarte dela.

      Ongi funtzionatzen duen? Bada, aurrez aurrekoa nahiago, ordutegi eta bizitokigatik baina, ezin, beraz, ez dut beste aukerarik.

      Dena den, momentuz pozik nago. Hori bai, erabiltzaile gisa zeure burua trebatu beharko duzu moodle tresnan, e-posta erabiltzen, Skype erabiltzen… Eta, batez ere, konstantea izan behar duzu lanean.

      Ez dakit ezer argitu dizudan, bestela ere, ongi izan.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s