Aldaketaren itsasontzian marinel: “Haize gogorrari heltzen dakienak itsasaldi berean legoa gehiago eginen ditu”

nabigatzen
(Pamir-aren margoa, Yasmina, Wikipediatik)

Eguna joan egunak etorri, haizeak gogor jotzen jarraitzen du Nafarroan. Itsasoarekin aspaldi amestu dugu Erresuma Zaharrean eta, agian, horregatik, itsasontzi batekin irudikatzen dut Aldaketa. Gure belaontziak, antzinako baleontzien gisara, arrisku nabarmenak ditu itsasbidaian barreiaturik: uharriak, izotz-mendiak, hondarpeak… eta piratak, nola itsas-lapurrak zein kortsarioak ere.


Azken enbataren zioa euskara izan dugu, itsasontzia flotazio marra azpitik jotzen saiatu dira. Bele beltzek jada iragarria zuten, euskal orok gatazka iturri eta motibo. Gauza asko esan dira, gauza gaizto anitz ere bai: euskararen alegiazko inposizioari buruz hitz egin nezake, lengoaia hau berezko hizkuntza ote duten hegoaldeko nafar lurrek, gastuen lehentasuna beste nonbait ipini beharra edo euskara gutxiengo baten apeta delako horren inguruan ere ibili ninteke solasean. Hala ere, horietarik bat eta bakarra ekarriko dut hona.

Euskara gutxiengo baten hizkuntza da eta, gainera, euskaldunek ere gutxi erabiltzen dute. Gutxiengoarena dela argia da, bai; dena den, galde genezake zergatik ote den horrela, XVIII. mendera arte Nafarroan gehiengoa euskaraz bizi baitzen. Zer gertatu da azken bi mendeotan? Euskara gutxi erabili izan dela. Ados, gutxi erabilita ez da belaunez belaun ondorengoetaratu eta hiztun potentzial berriek zaila izan dute euskara ere bereganatzea. Horraino bat egiten dugu analisian.

Baina, zergatik joan da erabilera gutxitzen? Irakurritako adierazpen publikoek aditzera ematen dute euskaldunok tresna hobe baten alde aldatu dugula hizkuntza: gaztelania, frantsesa edota ingelesa. Ez dute kontuan hartzen Espainiak zein Frantziak jarraitutako hizkuntza politika, batzuetan gordina, debeku zuzenekin eta beste askotan azpikeriaz jokatzen. Azken honen adibide Kataluniako 1717ko pasarte hau: “[El Corregidor] pondrá el mayor cuidado en introducir la lengua castellana, a cuyo fin dará las providencias más templadas y disimuladas, para que se consiga el efecto sin que se note el cuidado”.

Ezagunak dira bide horretan Frankismoak, 36ko Gerrak, aurreko mende eta erdiko Espainia ezkertiar zein eskuindarrak edo Borboien dinastiak XVIII. mendetik jarraitutako hizkuntza politikak.

Dena den, hizkuntzen arteko prestigio gatazka hori ezin da azken hiru mendeetara mugatu, Beinat Etxepareren Kontrapasa olerkiaren bi bertso ekartzea besterik ez dugu: “Berze gendek uste zuten/ezin skriba zaiteyen;/orai dute porogatu/enganatu zirela” eta “Lengoagetan ohi inzan/estimatze gutitan;/-orai, aldiz, hik behar duk/ohoria orotan”. Lehen liburu idatziak ditugunetik euskararen entzutea ezbaian ibili da.

Atzerago ere jo genezake diglosia aztertuz, Kristautze prozesua edota Erresuma Zaharreko tronuan frantziako dinastiak ezarri zireneko garaira joanda. Hor dugu Gartxoten irudi ikonikoa.

Aspaldi ikasi ditugun irakaspenak dira hauek guztiak, zergatik egin duen atzera euskarak edo noiz ezin dugun euskara erabili. Ongi dago jakitea bidean zein oztopo izan ditugun. Bada, ordea, beste galdera bat horrenbestetan ez dioguna geure buruari egin: zergatik darraigu hemen?

Lehen esan bezala, haizeak gogor joko du itsasaldian. Eskifaia trebea ez da haize gogorren beldur, bai, berriz, barealdiaz. Haize gogorrari heltzen dakienak itsasaldi berean legoa gehiago eginen ditu. Beraz, heldu lemari, lemazain argia! Zabaldu bela nagusia, eskifaia trebea! Sokateria estutu, marineleria ausarta!

Alfredo.

Oharra:

C2 euskara maila ikastarorako idatzitako “Zuzendariari eskutitza”

lizarbeibar -ri buruz

Lizarraldeko edota Itzarbeibarreko euskarazko jardueraren bat iragarri nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan. lizarbeibar@gmail.com
Post hau Euskaraz bizi nahi dut atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s