“Erdaldun berrien kluba”, Olatz Pagalday asteazkenean Lizarran

Kartela

Datorren martxoaren 15ean, asteazkenarekin, “Erdaldun berrien kluba” lana ikusteko aukera izango dugu Lizarran. “Erdaldun berrien kluba” kluba horren bizitza kontatzen du: gutxi dira, sekula ez dute saririk jaso, ez dituzte telebistan aipatzen, ez diete elkarrizketarik egiten. Kluba ezezaguna da, klandestinoa… erdaldunberrien kluba delako eta erdaldunberri gehienek ez dakitelako erdaldunberriak direnik. Istorioko protagonista Irantzu da; euskaraz pentsatzen, euskaraz sentitzen eta, ahal duen guztietan, euskaraz diharduen neska eskoriatzar bat. Horrek hamaika arazo sortuko dizkio egunerokotasunean eta bizipen horien kontaketak osatzen du antzezlanaren hari nagusia.


Horrez gain, “euskararen gaiari emakumearen ikuspegitik heltzen dio eta, ildo horretatik, hizkuntza-transmisioaren, emetasunaren edota genero rolen inguruko gogoetak ere eragiten ditu”. “Erdaldun berrien kluba” Arrasate Euskaldundu Dezagun (AED) elkarteak ekoiztutako bigarren antzezlana da, “Buah txabal!” arrakastatsuaren ondoren.

Gidoia Idoia Etxeberria idazle eta kazetari oñatiarrak idatzia da. Unai Iturriagaren “Buah txabal!”ek bezala, publikoarengan euskararen erabileraren inguruko gogoeta bultzatzeko asmoa du. AED-tik diotenez, “umore klabean eta ikusleengan ikuskizun dibertigarri batez gozatu izanaren sentsazioa uzteko asmoz, askoren kontzientzian azkura sortuko duen gaia planteatu izanagatik ere”.

Olatz Pagalday
Olatz Pagalday

Olatz Pagalday eskoriatzarra arduratuko da oholtzara eramateaz. Aktore honek urteak daramatza antzerkia egiten. Orain arte umeei zuzendutako lanetan jardun du nagusiki eta hau bere lehenengo bakarrizketa da. KORRIKA KULTURALA-ren baitan, proposamen ezin erakargarriagoa! Animatu eta hurbildu Gazteriaren Etxera!

Advertisements

lizarbeibar -ri buruz

Lizarraldeko edota Itzarbeibarreko euskarazko jardueraren bat iragarri nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan. lizarbeibar@gmail.com
Post hau Euskaltegiak, Euskaraz bizi nahi dut, Garean atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.