“Adarretatik zintzilik” antzezlana asteazkenean Lizarran

Gilkitxaro kartela

‘ADARRETATIK ZINTZILIK’ komedia da, komedia sentimentala eta kronika nostalgikoa. Ikuslegoarengandik hurbil, elkarrekin hausnartzeko eta, gehien bat, farre egiteko. Heldu den asteazkenean, Errotako emanaldiei emanen diegu hasiera berriro. Udazken honetako lehendabiziko saioa Gilkitxaro antzerki taldearen eskutik dator: “Adarretatik zintzilik”. Beti bezala, asteazkenean Maria de Vicuñarenean 20:00etan.

“1975. urtean jaiotako lagun biren komeriak. 40 urte betetzeak dakarren krisialdi sakona. Ume zirela, 80ko hamarkada Euskal Herrian bete-betean pairatu zuten. 90eko hamarkadan gaztetu ziren eta 2000 efektuari aurre egitea lortu zuten. Jogurt potoak hari batekin lotuta lagunekin berba egiten zuten aspaldi eta, gaur egun, sare sozialetan galdu egiten dira.

40 urte bete berri duten pertsonaia bi krisian bizi dira. Senar-emazterik ez, seme-alabarik ez, autorik ez, hipotekarik ez… Mundu honetakoak dira ala adarretatik zintzilik bizi dira? Ziria noraino sartu diguten konturatzeko berrogei urte bete behar izan dute batzuek.”

Datorren asteazkenean Lizarran egongo den Gilkitxaro Antzerki taldeak 1993an hasi zuen bere ibilbidea. Garai horietan gazte koadrila batek osatzen zuen kolektiboa. Helburu nagusia antzerkia egitea zuten, euskara hutsez beti, antzerkiaz gozatzea, antzerkian ikasiz jolastea. Hasierako urte horietako berezkotasuna nagusi zen. Urteak aurrera egin ahala, Antzerki eta bestelako arte ikasketak gauzatzen joan ziren heinean, Gilkitxaroren ibilbide bera ere sendotu egin zen.

Gareanek antolatuta, “Adarretatik Zintzilik” antzezlana ikusteko aukera izango dugu datorren asteazkenean, urriak 26an, 20:00etan, Maria Vicuña Gazteriaren etxean. Sarrera doan.

lizarbeibar -ri buruz

Lizarraldeko edota Itzarbeibarreko euskarazko jardueraren bat iragarri nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan. lizarbeibar@gmail.com
Post hau Euskaraz bizi nahi dut, Garean atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi iruzkina